Metodologia

Ikuspegi komunikatiboa, hau da, hizkuntza bat ikastea ez da gramatika hutsa ikastea. Ikaslea hiztun bilakatzeko gaitasun komunikatiboaren garapena beharrezkoa da.

Erabilera da helburu nagusia, hizkuntzarekin “gauzak” egitea. Horregatik ikuspegi komunikatiboa, hizkuntza komunikatzeko erabiltzen dugulako.

Hizkuntzarekin “gauzak” egin behar direla esan dugu. Hori dela eta ATAZA bidezko irakaskuntza proposatzen dugu. “Tareak” erdaraz. Orokorrean, ataza gizakiak emaitza edo helburu jakin bat lortzeko egin behar duen edozein jarduerari esaten zaio; adibidez, ogia erosi, kutxazainetik dirua atera, oporrak antolatu, mendi batera igo...;beraz, eginbehar errealak ahalik eta testuinguru errealenean kokaturik.

4 trebetasunak landuko ditugu.

  • Hartzaileak: entzumena eta irakurmena.
  • Emaileak edo sortzaileak: idazmena eta mintzamena.
Lau trebetasun hauek batera landuko ditugu atazetan txertaturik eta bestelako ariketa osagarrien bitartez eta eginbeharraren arabera hizkuntzaren edo komunikazioaren atal bat edo beste hartuko dugu langai.
Eduki formalak (gramatika), landuko ditugu, noski, baina horietaz gain, hiztegia, zuzentasuna, egokitasuna, planifikazioa, testuen antolaketa, mailari dagokion hizkuntza kalitatea, eta abar, eta abar. Gramatika komunikatzeko tresna da (ulertzeko, hitz egiteko, idazteko tresna). Bitartekoa da, ez helburua. Ez da nahikoa gramatika arauak ezagutzea, erabiltzeko gai izatea da helburua. Hizkuntza erabiltzen (gramatika ere erabiltzen, beraz) ikasi behar dugu eta ez gramatika arauak besterik gabe.

Eskoletan erabiliko ditugun teknikak eta ariketak mota askotakoak izango dira, beti ere, taldeari egokiturik eta ustez eragingarrienak aukeratuz.

Eta jakina, IKASLEAREN AUTONOMIA ere bultzatu nahi izaten dugu. Ikasleak ikasi egiten du irakasleak irakatsi baino. Tresnak jartzen ditugu ikasleen aurrean, lagundu egiten diegu, baina azken finean hizkuntza ikasteko ardura eta esfortzua ikaslearena da.

Jakina, ikas prozesuan zehar zalantza asko izango du ikasleak, ikasle bakoitzak dakarren helburua, aurreiritzia eta ibilbidea bereak diren bezala, baina sortzen diren duda eta galdera guztiei momentuan erantzuten saiatuko gara.

Bestalde, TALDEA osatzea garrantzitsua da.
Bakarka lan egiteaz gain, binaka edota taldeka ere lan egingo dugu. Izan ere, elkarrengandik ere ikasten dugu. Ikaskideei entzunda, eurek idatzitakoa irakurrita, ondo egiten dutena kontuan izanda edota egiten dituzten akatsak ikusita, guk ere asko ikasiko dugu.
Dinamika on bat sortu behar dugu denon artean. Denon indarrak eta aukerak erabiltzeko eta ahuleziei kontra egiteko. Ikasleen maila homogeneoa ez bada ere (inoiz ote da?) taldea osatzea dago, elkarrekin lan egitea badago, bakoitzari berea emanez eta exijituz.
Proposamenak, kexak eta zalantzak momentuan esan, horretarako beti da momentu ona, eta denon artean saiatuko gara hobetzen.

Noski, taldea eratzeko, baina, inportanteak dira asistentzia eta puntualitatea ere.

Ebaluazioa egiterako orduan aintzat hartzen dugu ikas-prozesua, eta ez bakarrik azken ekoizpena. Amaieran ikaslearen txostena jasoko duzue horren gaineko zehaztapen guztiekin.