Zer da AEK?

AEK euskararen normalizazioan diharduen erakundea da, honela definitzen ditu bere xedea eta izaera:

“AEKren xedea Euskal Herria euskalduntzea da. Horretarako, euskararen normalizaziorako eremu guztietan egingo du lan: Ezagutza, Erabilera eta sustapena. Lan esparru nagusiak bereziki hauek izango dira: Helduen euskalduntze-alfabetatzea eta erabilera sustatzeko egitasmoak. Jendartean txertatutako herri ekimena izanik, euskararen eragile aktiboa izateko konpromisoa du, jendarteko beste eragileekin batera euskararen aldeko jarrerak sustatu eta bultzatuz, euskaraz bizitzeko aukerak sortu, gehitu eta hedatuko ditu.
Kudeaketa demokratikoan oinarritutako kooperatiba izanik, erakundeak AEK kideon integrazioa eta garapen profesionala lortzeari begirako bideak jarriko ditu.”

Horrela ikusten dugu irakaskuntza:
-Ikaslea da ikas-prozesuaren ardatza, berak ikasten du.
-Irakaskuntza ez da ezagutzen transmisio hutsa, ikasleak ez du bereganatzen
irakatsi nahi zaiona soilik eta osorik.
-Irakaskuntzak ikas-prozesua bideratzen eta laguntzen duten pertsonak eskatzen
ditu: irakaslea, tutorea, gidaria, trebatzailea...
-Ikasten laguntzeko modu bakarra ez da instrukzioa. Ikaslearekiko elkarreragina,
prozesua bideratzea, gidaritza, motibazioa, ebaluazioa eta ikasteko gaitasunaren
garapena ere irakasteko erak dira.


Euskalduntzea eta normalizazioa

Euskarak hizkuntza bizia izaten jarrai dezan eta Euskal Herriko lehenengo hizkuntza izan dadin borondate soziala dago aspaldian.
Borondate sozial horrek hizkuntza normalizatzeko prozesua jarri zuen abian aspaldian, besteak beste Euskalgintza deituriko mugimenduan egituratu dena. Horren barruan hainbat erakundek eta eragilek dihardute.

Normalizazio prozesua ildo desberdinetan garatzen da:
-Hizkuntzaren corpusa gaur egungo funtzio komunikatiboetara egokitzea (ortografia, hiztegia, hizkuntza-teknologiak...)
-Euskararen normalizazioaren aldeko jarrerak, jokaerak, iritziak eta sentipenak sustatzea.
-Hizkuntzarentzat estatus juridiko-administratibo egokia lortzea (ofizialtasuna, hizkuntza-eskubideak...)
-Euskararen ezagutza hedatzea. Berreuskalduntzea, euskalduntzea edo euskalduntze-alfabetatzea deitzen den prozesua.
-Euskararen erabilera hedatzea arlo, komunikazio-sare eta leku guztietara.

AEK normalizazio prozesuaren eragilea eta Euskalgintzaren partaidea da. Hain zuzen ere erakundearen xedea honela definitu dugu:
“AEKren xedea Euskal Herria euskalduntzea da. Horretarako, euskararen normalizaziorako eremu guztietan egingo du lan: ezagutza, erabilera eta sustapena. Lan esparru nagusiak bereziki hauek izango dira: helduen euskalduntze-alfabetatzea eta erabilera sustatzeko egitasmoak.

Kontseiluaren Hizkuntza Politika Eraginkorra 6 dokumentuarekin bat egin du AEK-k, eta han horrela definitzen da normalizazioa:
“Euskal Herriko herritar guztiontzat beren eguneroko eta mota guztietako jardunean ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izatea da "euskararen normalizazioaz" ulertzen duguna.

Euskararen ikas-irakaskuntza normalizazio prozesuaren atala da AEKrentzat beraz.
-Euskalduntze-alfabetatzearen funtzioa euskalerritarrek euskara erabiltzeko
gaitasuna eskuratzea da, norberaren bizimoduko arlo guztietan komunikazio-
beharrak asetzeko.
-Euskararen ezagutza hortaz hizkuntza erabiltzeko gaitasuna izanda, euskalduntze prozesuaren azken helburua erabileraren hedapenean eragitea da.
-Erabileraren hedapena normalizazioan eragiten duten beste aldagaien menpe
dago: ezagutzarekin batera jarrerak, ideiak, iritziak, estatusa eta corpusa.
Euskalduntzeak horietan guztietan ere eragin behar du beraz.
-Euskararen ikas-irakaskuntzak euskararen errealitatearekin lotuta egon behar
du: hiztunen egoera soziolinguistikoarekin, komunikazio-sareekin, erabilera
esparruekin eta erreferentzia soziokulturalekin batetik, eta euskararen eremu
geografiko eta sozialarekin, erregistroekin, dialektoekin eta erabilera errealarekin bestetik.

Metodologia komunikatiboa

Ikas-prozesua antolatu eta kudeatzeko AEKn ikuspegi komunikatiboa dugu bide
lehenetsia. Arrazoi hauengatik:
1. Ikas-prozesuaren helburua komunikazio-gaitasunean jartzen du.
2. Hizkuntzaren praktika erreala eskatzen du, komunikazio gaitasunaren zein
normalizazioaren ikuspuntutik baliagarria.
3. Ikaskuntza garatzeko ingurune egokia eskain dezake: praktika, elkarreragina,
sozializazioa.

Ikuspegi horretan oinarrituta, hauek izango dira gure ildo didaktiko nagusiak:
Helburuen betekizuna
-Lan guztia helburuen betekizunari begira jarri behar dugu, lan eta aktibitate
guztiak ibilbide horretan kokatuta egon behar dute eta horren kontzientzia izan
behar dugu: zer, zergatik eta zertarako ari garen egiten. Hori izango da gure
lanean eraginkortasuna lortzeko giltzarri nagusia.
-Helburuen betekizunarekin batera prozesuan parte hartu duten pertsonen
asebetetzea etorri behar da: ikasleak, irakasleak, laguntzaileak, bezeroak. Baita
erakundearen zein gainerako interes taldeena (administrazioa, euskalgintza, talde sozialak...).

Ebaluazioa
Ebaluazio jarraia edo formatiboa
Une zehatza baino lan egiteko modu edo ikuspegi bat da hau. Ebaluazioa etengabeko hobekuntzarako tresna gisa ulertu behar dugu honela. Ikaslea eta ikastaroaren bilakaera ulertu eta egokitzeko. PEKE zikloarekin lotuta dago, ikastaroak berak bere zikloa du, baina ikastaroaren barruko fase eta aktibitate guztiek ere izango dute euren PEKE zikloa. AEKn ebaluazio jarraia hobetsiko dugu beraz lan egiteko era bezala.

Egiaztatzeko ebaluazioa
Pertsonaren hizkuntza maila administratiboki egiaztatu beharko dugu batzuetan: agiriak edo ziurtagiriak emateko, hizkuntza-proba bat egiteko baimena emateko edo beste eskakizun administratiboren baterako.
Kasu horietan ebaluazio bideak eta irizpideak honela ezarriko ditugu:
-Egiaztapen hori araututa badago, administrazioak edo dagokin erakundeak
emandako arauetan zehazten diren ebaluazio irizpideak, mailak, probak
edo metodoak erabiliko ditugu.
Hemen sartzen da hizkuntza maila egiaztatzeko azterketara aurkeztu ahal izateko ebaluazioa. Azterketa antolatzen duen erakundeak (HABEk adibidez) erabiltzen dituen proba-ereduak, ebaluazio irizpideak eta eskalak erabiliko ditugu.

Azken ebaluazioa
Ikastaro edo jarduera baten amaieran lortutakoa jasotzea du helburu nagusia. Hala ere, hainbat arloren hobekuntzari begirako ebaluazioa ere egingo da (ikastaroaren programa, programazioa, baliabideak, irakaslearen lana...)